AURKEZPENA

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko kide diren GGKEek, Gizartea Eraldatzeko Hezkuntzarako prozesuak sustatu eta garatzeko lanean, hezkuntzarako material-sorta zabala eskaintzen dute, publiko heterogeneo batentzat, hala nola ikasle-taldeentzat, gizarte-talde espezifikoentzat edota, oro har, herritarrentzat.

Gizartea Eraldatzeko Hezkuntza (GEH) hezkuntza-eredu eraldatzailea da: pentsamendu-estrategiak aldatu nahi ditu, eta ekintza kontzienteak sustatu (pertsonalak nahiz kolektiboak), hartara ekitatean, justizia sozialean eta bizitza jasangarrian oinarritutako eredu sozialak bultzatzeko. Ildo horretatik, Garapenerako GKEok, Hezkuntza Eraldatzailearen eragile garen aldetik, hainbat hezkuntza-material sortu ditugu, mundu ekitatiboago eta jasangarriago bat eraikitzearen alde konprometitutako Herritartasun Globala sendotzen laguntzeko.

Hezkuntza-baliabide horiek interes handikoak eta oso baliagarriak dira balioen gaineko heziketa bultzatu nahi duten entitateentzat, direla arlo formalekoak edo ez-formalekoak. Izan ere, material horiek erabilita, munduan diren desberdintasunen eta haien arrazoien gainean kontzientzia hartzea errazten da. Kontzientzia-hartze hori ezinbesteko urratsa da, ondoren jarrera konprometituagoa hartu ahal izan dezagun, gure planeta eraldatzen laguntzeko: bidezkoagoa eta ekitatiboagoa izan dadin, eta giza eskubideen eta ingurumenaren alorrean begirune handiagoz joka dezan.

Hezkuntza-baliabideen web-orri honen bidez, erreferentziazko gune bat eskaini nahi diegu hezkuntza-entitateei nahiz partikularrei, eta horretarako prestatu dugun formatuak aukera ematen du bertara erraz sartzeko eta bilaketak eroso egiteko, gaika edo/eta hartzailea nor den kontuan hartuta. Horrenbestez, honako gai hauek lantzeko materialak aurkituko ditugu bertan: elkartasuna, ekitatea, parte-hartzea eta konpromiso soziala, munduko arazoen gaineko ezagutza eta gogoeta kritikoa, kontsumo arduratsua, globalizazioa, Giza Eskubideen defentsa, ingurumenaren zaintza, etab.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu katalogo hau osatzeko lanean lagundu diguten lagun, erakunde eta entitate guztiei, eta bereziki Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziari, haren finantzaziorik gabe ezinezkoa izango baitzen web-orri hau plazaratzea.

Euskadiko GGKEen Koordinakundea